2012/04/01

“Gaur, informatizatuta ez dagoen hizkuntza, hizkuntza hil bat da”

“Gaur, informatizatuta ez dagoen hizkuntza, hizkuntza hil bat da”

Horiek izan ziren Juan Alberto Alonsoren hitzak otsailaren 28an Bilbon egin zen ekitaldian, edo hobeto esanda, hark sortutako gaztelania>euskara itzultzaile automatikoarenak, benetako hitzak “hoy, una lengua que no esté informatizada, es una lengua muerta” izan baitziren. Itzultzaile automatiko hori Eusko Jaurlaritzak finantzatu du (500.000€ baino gehiago inbertitu dira proiektu horretan), eta euskara munduko beste edozein hizkuntzaren parean jartzea dute helburu tresna berri honekin, euskara mundura zabaltzea, alegia.

Hala zioen aurkezpen-bideoak:


Ideia ez da hain berria, eta itzultzaile honez gain, badaude beste batzuk euskaratik eta euskarara itzultzen dutenak (Opentrad, erdaratu, google translate, eta oraindik bukatu gabe dagoen Matxin itzultzaile automatikoa). Interneten itzultzaile automatikoei buruz gehiago jakin nahian, artikulu hau aurkitu nuen, soziolinguistika klusterrekoek idatzia, eta bertan oso argi eta zabal azaltzen dira programa horiei buruzko nondik norakoak. Dena den, nik ez dut artikulu horrek dioena errepikatuko (interesik baduzue, hartu tartetxo bat eta irakurri, oso gomendagarria da).

Hala ere, artikulu horretan, aztertzea interesgarri iruditu zaidan gauza bat aipatzen da: itzultzaile automatikoek zertarako balio dezaketen.  Adibide asko ematen dira, baina ideia orokorra zera da,  ulertzen ez dugun testu baten nondik norakoak gutxi gorabehera ulertzea, bai komunikabideetako testuekin, lagunartean, edo nazioarteko lan-harremanetan. Eta horretarako balioko al digu programa berri honek? Egia esan, ezetz esango nuke, euskara dakien edonork gazteleraz ere badakielako, orokorrean; asko jota  iparraldeko euskaldunek aurkituko liokete praktikotasunen bat, eta hori, betiere itzultzailearen euskarazko testua zuzena eta ulergarria dela pentsatuz.

Zoritxarrez, itzultzaile automatikoaren emaitzak ez dira oso onak, eta komunikabide askotan aipatu da itzultzailea “poltsikoko hiztegi baten modukoa” dela, “terminologia aldetik hobetzeko asko” daukala, “sintaxiak arazo asko” sortzen dituela... Hainbat pertsona ibili dira probak egiten, eta emaitza batzuek barrea eragiten dute (negargura ere sor lezakete, baina har dezagun umore onez). Hementxe dituzue zenbait adibide:

Abierto mañana y tarde --> bihar eta berandu irekita
Tercera planta --> hirugarren landarea
Gracias por enviarme el enlace al traductor --> Lotura niri itzultzaileari bidaltzeko graziak

Gogoz sentituz gero, hauxe da helbidea, gehienez 1024 karaktereko testuak onartzen ditu, eta weguneak ere itzultzen ditu:


Dena dela, badirudi akats horiek espero izatekoak direla, batez ere kontuan hartzen badugu hitzen hurrenkera askea eta flexio aberatsa duten hizkuntzen (hala nola, euskararen)  eta hurrenkera finkoa eta flexio sinplea duten hizkuntzen (gaztelania, kasurako) arteko makina bidezko itzulpena bereziki konplexua dela. Gainera, aurkezpen ekitaldian bertan esan zutenaren arabera, erabili ahala, corpusa aberasten joango da, eta harekin, itzulpenak gero eta zehatzagoak (beraz, erabilgarriagoak)  izango dira.

Kalitate eta erabilera kontuak gorabehera, argi dagoena da itzultzaile automatikoen gaia puri-purian dagoela. Gero eta aukera zabalagoa eta kalitate hobea eskaintzen dute, eta batzuk jada hasi dira esaten itzultzaileak, etorkizunean, itzulpen lanetan bezainbeste aritu beharko direla ordenagailuak itzulitakoak biribiltzen eta osatzen.

Euskararen kasuan, itzultzailearen “editore” rol hori urrun ikusten dut oraindik, baina agian jendea (enpresez, dendez eta halako zerbitzuez ari naiz) gauzak itzultzaile automatikotik pasa, eta horrekin euskal kontsumitzaileak pozik edukitzeko nahikoa dela pentsatzen hasiko da. Beharbada, euskararen alde zerbait egiten ari direla pentsatuz, itzultzaile automatikoak sortutako esaldi bitxiz bete nahiko dituzte kaleak. Edo bestela, euskaratu beharrekoak esaldi pare bat baino ez direnez, itzultzaile erreal bat bilatu, harekin tratua egin eta dirua gastatu ordez, Internet bidez egitea erabakiko dute beste batzuek.

Momentuz, ezin jakin zer gertatuko den, baina uste dut hein batean, behintzat, itzultzaileoi dagokigula tresna honen aukerak aprobetxatzea eta jendeak zentzuz erabiliko dituela ziurtatzea. Apika baikorregia naiz, baina uste dut proiektu hau aurrera ateratzeko egin diren hizkuntzalaritzaren inguruko ikerketa guztiek zerbaitetarako balioko dutela, gure hizkuntza hobeto ulertzeko baino ez bada ere. Gainera, nonbaiten irakurri nuen itzultzaile automatikoek ez digutela lanik kentzen, baizik eta itzultzen denaren bolumena handitzen dutela. Beste era batera esanda, jendeak derrigorrez itzulpen on bat behar duenean baino ez du joko itzultzaileengana (horrela gertatzen da orain ere), baina agian, bestela gaztelania hutsean geldituko zen zerbait euskaratuko du tresna horren bitartez, azkarra eta merkea delako. Horrela lortutako itzulpenen kalitatea ez da onena izango, baina pauso bat izan daiteke euskara alor guztietara zabaltzeko bidean .

Denborak esango digu itzultzaile automatiko hau bide-lagun izango dugun ala Interneteko bazter batean ahaztuta geldituko den... Zuek zer uste duzue? Egin apustu!

Teresa

No hay comentarios:

Publicar un comentario