2012/04/13

Gernikan interpreteak behar dira


Aste santuan atseden pixka bat hartu ondoren, hemen gatoz berriz itzulpengintzaren inguruko albiste eta kontu gehiagorekin. Gaurkoan, itzul posta zerrendan agertutako deialdi baten berri eman nahi nizueke. Giro nahiko informalean interprete lanetan aritzeko jendea behar dute Gernikan, apirilaren 28an eta 29an, euskaratik gaztelerara interpretatuko duena. Hala zioen itzuleko mezuak:

«Egun on,
SOLOAN BARRIKETAN http://burumapak.blogspot.com.es/2012/03/soloan-barriketan-espazio-irekiko.html> antolatzen ari gara (Gernikan izango da apirilaren 28 eta 29an). Euskaraz sortzen ari da dena Busturialdea Auzolanean taldean, eta topaketako bilerak euskaraz (ere) izateko bermea nahi dogu. Horregatik ahoz *euskara-->gaztelera*, biribil txikietan itzulketa egiteko gogoz leudekeen *bolondresen bila* ari gara.
Topaketaren egunetan Gernikan bertan lo egiteko aukera dago, edo antolatzaileon etxeetan (eskualdean); jan-edanak antolatzileen kargu,... Topaketak berak ere ederra izango da, esperientzia gogoangarria!
Baten bat animatzen? Horrela bada, idatzi neuri zuzenean, arren
Ondo-ondo bizi!

Imajinatzen dut bilatzen dutena esan-osteko interpretazioa dela, eta baldintza profesionalenak eskaini ez arren, trebatzeko aukera ona izan daiteke; gainera, jan-edanak eta ostatua barne datoz!

Nik aukera izan nuen Saren antzeko zerbaitetan parte hartzeko (mila esker, Bego!) duela hilabete batzuk. Euskal Herriko LaborantzaGanbarakoek batzar bat antolatu zuten. Gazteleraz eta frantsesez jakingo zuen interprete boluntario bat (hau da, kobratuko ez zuena) behar zuten, eta nik baiezkoa eman nien. Ez zen egun erraza izan: hasteko, Sareraino gidatzea, eta gero, interpretazio-lana bera (aldiberekoa, baina kabinarik gabe). 

Beste mutil batekin ibili nintzen lanean, hark gazteleratik frantsesera egiten zuen, eta nik, frantsesetik gaztelerara. Esan beharra dago, hark nik baino lan gehiago izan zuela, eta eskerrak, bilerak egun osoa iraun baitzuen! Aretoaren atzeko aldean mahai bat jarri zuten guretzat, eta mikrofono bat eman ziguten (abeslariek izaten dituzten horietakoak, eskuarekin eutsi behar direnetakoak). Itzulpena behar zuten pertsonek, entzungailuak zituzten, eta bertatik entzungo zituzten gure hitzak. 

Egia esan, oso gogorra izan zen, guk ez geneukalako entzungailurik (zuzenean entzuten genuen aretoan esaten zena), eta beraz, geure hitzek ez ziguten uzten jendeak esaten zuena argi entzuten. Haiek entzungailuetatik jaso zuten soinuaren kalitatea ere ez zen onena izango...

Baina beno, aurrera atera genuen bilera, eta dirudienez, hanka sartze handiegirik gabe! Ziur ez dela nire interpretaziorik onena izan, baina dokumentazioa bilatzea, glosategiak prestatzea, antolatzaileekin harremanetan jartzea... primerako praktika izan zen, hori argi daukat!

Ez da askotan  sortzen unibertsitatetik atera berritan (edo amaitu aurretik) interprete aritzeko aukera, beraz, edozein abagune aprobetxatzeko aholkatzen dizuet, eta beti ikasten da zerbait berria edo ezagutzen da jende interesgarria, ezta? Animatu!

Agur esan aurretik, umore apur bat dakarkizuet. Badago facebooken "odisea traducciones" deitzen den talde bat, eta bertan aurkitu dut jatetxe bateko karta elebiduna, gezurra izateko itxura osoa dauka, baina horrek ez dio graziarik kentzen!


1 comentario: