2012/05/31

Elearazi blogaren sortzaileak Hamaika Telebistan

Orain dela hilabete pasa egin zieten elkarrizketa Hamaika Telebistan Danele Sarriugarte eta Garazi Arrulari, Elearazi blogaren sortzaileei.

Badira bost hilabete bloga sortu zutenetik, eta gehienbat sorkuntza lanen itzulpenei eta haien inguruko hausnarketei buruz jarduten dute. Itzulpengintzaren munduko aditu eta arituei egindako elkarrizketak ere aurki daitezke euren blogean.

2012/05/21

EIZIEren aurkezpen-hitzaldiaren kronika

Joan den asteazkenean, EIZIEk hitzaldi bat eman zuen Gasteizko Letren Fakultatean. Iñigo Errasti, Itziar Otegi eta gure blog-kide Teresa Pradera izan ziren hizlariak, eta, itzulpengintzan eta interpretazioan izan dituzten esperientziak kontatzeaz gain, elkartearen nondik norakoez eta ikasketak amaitutakoan jarrai ditzakegun bideez ere hitz egin ziguten. Hirurek argi utzi zuten EIZIEko kide izatea zein onuragarria den itzultzaile- eta interprete-lanetan aritzeko, eta bazkide egitera animatu nahi izan gintuzten entzuleok. Halaxe bukatu zuen Iñigo Errastik hitzaldia: “animatu eta egin kide!”

2012/05/17

Graduondoko berria: Itzulpengintza eta Teknologia


Aspalditik zebilen hor zehar EHU itzulpengintzari buruzko graduondoko bat prestatzen ari zelako zurrumurrua. Bada, badirudi onartu dutela azkenean: Itzulpengintza eta Teknologia. Internet bidez egingo omen da eta datorren urtetik aurrera jarriko da martxan.

2012/05/13

EIZIEren hitzaldia Gasteizko Letren Fakultatean


Datorren asteazkenean, maiatzaren 16an, EIZIEk hitzaldi bat prestatu du Gasteizko Letren fakultatean,13:00etan. Ekitaldiaren helburua elkartearen nondik norakoak ikasleengana hurbiltzea da (nor izan daiteke elkarteko kide? Zer lan egiten du elkarte honek? Zer eskaintzen du?...). Horrez gain, hainbat arlotan itzultzaileen lana nolakoa den bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izango dugu.

Lan horretan Iñigo Errasti eta Itziar Otegi arituko dira, biak ala biak esperientzia handiko itzultzaileak, eta nola ez, EIZIEko kideak.

2012/05/02

Munduko hizkuntzarik zailena



Bai, ulertzen dut gure hizkuntza ikastea horrenbeste kostatzea. Izan ere, berezia da gure hizkuntza, inondik ere. Berezia eta zaila. Bazenekien esanahi bat baino gehiago duten hitz mordoa ditugula? Gainera, erregistro mailaren arabera ere ez dugu hitz bera erabiltzen. Adibidez, hitz batek hiru aldaera eduki ditzake, batzuk formalagoak eta beste batzuk lagunartekoagoak. Ah! Eta badakizu zer gehiago? Esamoldeak. Halako pila bat ditugu gure hizkuntzan. Bai. Benetan oso hizkuntza zaila da gurea. Denetan zailena, hori diote.