2012/04/25

Espezializatu behar al dugu?


Urtero 1000 ikasle inguruk lortzen dute itzulpengintza eta interpretazioko lizentziatura Espainiar estatuan (asko ez dira itzulpengintzan jardungo). Eta horri dagoeneko lanean urte luzez aritu diren eta, argi dago, guk baino askoz eskarmentu handiagoa duten hainbat eta hainbat itzultzaile gehitu behar dizkiogu. Guztira, gutxi gorabehera: itzultzaile asko eta asko eta asko. Hortaz, nola egin gure bidea?

Es.pe.zia.li.za.tuz

Gai-espezializazio bakar batean eta hizkuntza konbinaketa bakar batean espezializatu behar duzu. Horixe izan da azken aldi honetan inguruan izan ditudan esperientzia handiko itzultzaile askok eman didaten erantzuna. Eta hor ere hasten da eztabaida: Itzultzaile batek espezializatu behar al du? Eta espezializazio horretara mugatu?

[http://robjundt.hubpages.com/hub/Medical-Terminology-On-Line]

Argi dago, denbora batez gai jakin bati buruz itzultzen egonez gero nolabaiteko gaiaren ezagutza eta lan egiteko erosotasun eta erraztasuna lortzen da eta horrek, merkatuaren ikuspegitik, fidagarritasuna eta lehiakortasuna ematen digu itzultzaile gisa. Askok uste dute horixe dela garrantzitsuena, gai batean aditua izanik besteengandik bereiztea, eta horrekin, bezeroak erakartzea. 

Eta egia da, lana lan; baina ez litzateke hori errepikakorregia? Aspergarria? Erronka handirik gabea? Dokumentazio lan egokia eginda eta ikertzeko eta ikasteko gogoak edukita hainbat gai jorratu daitezke (honekin ez dut esan nahi itzultzaile teknikoak behar ez direnik) eta moldagarritasuna da itzultzaileen ezaugarrietako bat.  Eta, batez ere orain, hasi berri izanda, hainbat gauza ukitu, probatu eta dastatu nahi ditut, gustoko ditudan ikusteko.

Une honetan, ez nago oso ziur uste dudana eta egiten dudana kontraesanak ez direnik (izan ere, master nahiko espezializatu bat egiten ari naiz, baina jatorrizko helburua ez zen espezializatzea, gustoko nuen zerbait ikastea baizik). Edo, hobe esanda, egin behar izango dudana (lana errentagarriago bihurtzeko) eta nahiko nukeena oso gauza ezberdinak direnik. Beraz, espezializatu beharko nuke/genuke?




[Gogoan dut duela pare bat urte, EHUko udako ikastaroetan, Itzulpengintza eta teknologia. Zertan aldatuko da itzultzailearen lana? mahai-ingurua egin zela, eta bertan  ere honi buruz aritu zirela. Uste dut streamingez eman zutela, bideoak lortzeko laguntzarik?]


No hay comentarios:

Publicar un comentario