2012/04/03

"Faire passer le message", interpretazio ikasketetarako sarrera proba

Berriz ere interpretazio kontuekin gatoz. Oraingoan bideorik ez, ordea, neure bizipenak baizik. Aurreko astean Genevako Unibertsitatean interpretazio ikasketak egiteko sarrera probak egin nituen, eta zertan diren partekatu nahiko nuke zuekin, norbaiti interesatuko zaiolakoan.

Idatzizko azterketa da egiten den lehena, eta, hori gaindituz gero, ahozkoa. Nik idatzizkoaz bakarrik jardungo dut hemen.

Beraz, luzatzen ibili gabe:

Azterketa egin aurretik:

Norbere hizkuntza konbinazioa zehaztu beharra dago. Aukerak, unibertsitate horretan, hauek:

1) A hizkuntza: ama hizkuntza, %200 menperatu beharrekoa (hiztegi aberatsa, erregistro desberdinak erabiltzeko gaitasuna…). Benetan elebiduna izanez gero, A1 eta A2 eduki daitezke.

2) B hizkuntza: bigarren hizkuntza aktiboa, ia-ia ama hizkuntzaren mailakoa. Kasu honetan B hutsa eta Bsim bereizten dituzte: adibidez, B hizkuntza frantsesa aukeratuz gero, frantsesera esan osteko interpretazioak baino ez zenituzte egingo; Bsim aukeratuz gero, ordea, aldi berekoak ere bai. Merkatu pribatuan lan egiteko ezinbestekoa.

3) C hizkuntza: hizkuntza pasiboa, den-dena ulertu behar da hizkuntza horretan. Nazioarteko erakunderen batean lan egin nahi izanez gero, hobe duzu halako hiru bat gutxienez izatea, eta horien artean hizkuntza “exotikoren” bat baldin baduzu (poloniera, suediera, daniera, eslovakiera, grekera…) hobe. Hala ere, sarrera proba egiteko bi C nahikoa dira.

Nik dakidala, hautagaiak hizkuntza hauekin aurkeztu dira aurten: ingelesa, frantsesa, gaztelania, italiera, alemana, errusiera eta arabiera.

Azterketa:

- C hizkuntza bakoitzeko bi proba egin behar dira:

1) 6 minutu inguruko hitzaldiaren laburpena norbere A hizkuntzan egitea 300 hitzetan (notak har daitezke eta probak ordubete irauten du);

2) 300 bat hitzeko testua A hizkuntzara itzultzea (bi ordu).


Aurtengo testuak, hauek:

Ingelesez: http://www.economist.com/node/21534813 (ez zen osorik itzuli behar, paragrafo batzuk bakarrik).


B hizkuntzarik izanez gero, Atik Bra ere egin behar dira probak: B hutsa baldin bada testuaren itzulpena bakarrik, eta Bsim baldin bada itzulpena eta hitzaldiaren laburpena, biak, oker ez banago.

Bestalde, testuak zein hitzaldiak beti jorratzen dituzte gaurkotasun gaiak: politika, ekonomia, nazioarteko erakundeak… teknikoegiak ez baldin badira ere. Artikulu horietan ikus dezakezuen bezala, Libiaren berregituratze politikoa eta Pariseko suminduen protesta izan ziren gaietako batzuk. Hitzaldiei dagokienez, ingelesekoa Erresuma Batuko euro-ezeptikoen inguruan zen, eta frantsesekoa G20 erakundearen inguruan gizarteak dituen ideia okerrei buruzkoa.

Zer neurtu nahi dute azterketan?

Helburua ez (omen) da itzulpen profesional bat egitea, edo hala esan ziguten behintzat aurkezpen hitzaldian. Xede hizkuntzara mezua helaraztea (faire passer le message, eurek dioten bezala) da kontua. Baina, noski, idatzizko proba egiten duten 300 pertsonatik ahozko probara 50 bat heltzen direla kontuan izanik, mezua helarazte horrekin zorrotz samarrak direla pentsa daiteke. Azterketan ezin da hiztegirik erabili, noski, eta ulertzen ez ditugun hitz edo esaldiak itzultzeko nola moldatzen garen ikusi nahi dute, antza.

Azkenik, hona unibertsitatearen webgunera esteka, inori jakin-mina piztu bazaio:


Galdera edo dudarik izanez gero, bota lasai, eta iruzkinen atala erabili!

2 comentarios: