2012/10/30

Txikitasunetik sareari begira (Lander Arbelaitz)

Hilaren 19an, Euskarabildua jardunaldia antolatu zuten Donostiako Koldo Mitxelenan. Lau ponentzia eta hiru bideo labur eskaini zituzten euskara eta teknologia berrien inguruan, zein baino zein interesgarriagoak. Guk Lander Arbelaitzen hitzaldia aukeratu dugu Itzulingurukara ekartzeko: Txikitasunetik sareari begira.
Lander Arbelaitz erredaktorea da Argian, eta hara bildu ginen guztiok adi-adi entzun genion euskal astekaria teknologia berrietara nola joan den egokitzen. Azpimarratu nahi izan zuen behar-beharrezkoa dela azken tendentziei begiratzea aurrera egiteko, bestela oso erraza dela atzean geratzea. Eta xede horrekin dihardu Argiak ere.

Munduko 10 webgune garrantzitsuenetako 6 euskaraz ere ba omen daude, eta hori seinale ona da, dudarik gabe. Dena den, egiteko asko dugu oraindik. Euskararen egoera txirrindularitzarekin alderatu zuen Landerrek: gu tropelean gaude, aurretik iheslariak (hizkuntzarik garrantzitsuenak) eta beste txirrindulari asko ditugu, eta beste pila bat atzetik. Nahiko ondo kokatuta gaude, baina tropela oso azkar doa, eta guk erritmoari eutsi behar diogu.

Esan zuenez, interneten fenomeno berriak ezustean harrapatu zuen mundu guztia, eta norberak ahal bezala egin behar izan dio aurre. Kazetaritza ere hankaz gora jarri du, eta euskarazko komunikabideek, ohikoez gain, beste zailtasun bat ere izan dute: nola egokitu teknologia berrien mundura hain hiztun gutxi dituen hizkuntza batean?

Gaur egun, Argiak hainbat eta hainbat zerbitzu eskaintzen ditu bere webgunean: euskarazko film laburren bilduma bat, hainbat ekitalditako bideoak, euskarazko dokumentalak, beste hitzkuntzetan egindako hitzaldiak euskarazko azpitituluekin... Baita egunetik egunera ezagunagoa den WebTB saio bat ere: Beranduegi. Ezin uka daiteke, hortaz, ondo ari dela erronkari aurre egiten.

Denbora pixka bat izanez gero, hitzaldi osoa entzutea gomendatzen dizuet; hartu tartetxo bat eta ikusi bideoa, merezi du eta!

2 comentarios:

  1. Este comentario ha sido eliminado por el autor.

    ResponderEliminar
  2. Helbide honetan duzue hitzaldian erabilitako PowerPointa ere: http://prezi.com/i5qbp-qrkafq/euskarabildua-txikitasunetik-sareari-begira/?res_nr=1&sis=3573165065
    On egin!

    ResponderEliminar