2012/10/25

Zaku bete hitz (Wordnik)


Wordreference eta The free dictionary lankide bikainak ditudan arren, batzuetan labur gelditzen zaizkit. Halaxe gertatu zitzaidan pasaden astean, 452ºF aldizkarirako artikulu bat itzultzen ari nintzela. Oraindik teorikoen artean eta aldizkari berezituetan baino agertzen ez  ziren hainbat hitzekin egin nuen topo, eta haien esanahia azalduko zidan web guneren baten bila, sarean dohainik erabiltzeko hiztegi bat aurkitu nuen: Wordnik.



Orrialdearen sortzaileen hitzetan, «Wordnik is a new way to discover meaning» (Wordnik esanahiak deskubritzeko bide berri bat da). Hiztegi honek hainbat hiztegi hartzen ditu erreferentzia gisa (The American Heritage® Dictionary of theEnglish Language, Roget's II: The New Thesaurus, Century Dictionary, Wictionary…), eta hitz bakoitzarentzat hiztegi bakoitzak ematen duen definizioekin zerrenda bat agertuko da kontsulta bakoitzean.

Oinarri dituen hiztegien kalitateaz gain, badu beste alderdi interesgarri bat: adibide sorta oparoa hitz sarrera bakoitzeko. Hitz bat bilatzean, hitz hori ageri deneko hainbat adibide eskainiko dizkigu webguneak, literatura-lanetatik eta hedabideetatik hartuak. Benetan tresna erabilgarria da ez soilik hitzaren esanahia hobeto ulertzeko, baizik eta baita hura noiz eta nola erabili jakiteko ere.

Hitzari loturiko hitzen zerrenda ikustea ere posiblea da (hiponimoak eta hiperonimoak, sinonimoak…), bai eta nola ahoskatzen diren entzutea ere. 

Kontsultarako orri interesgarria izateaz gain, hizkuntzaren frikioi dibertitzeko eta parte hartzeko aukera ere ematen digu, sare sozial gisa funtzionatzen baitu. Egunean hitz berri bat deskubri dezakegu («Word of the day»), eta bilatzeko ezer zehatzik izan gabe ikertzen jarraitu nahi izatekotan, hitzak ausaz aukeratzen ditu webguneak. Horrez gain, gogoko hitzak marka daitezke, zerrendak sortu, eta iruzkinak egin.

Espero dut baliagarria suertatuko zaizuela hiztegi hau; nik, behintzat, izartxoa jarri diot hurrengoan behar dudanean erraz aurkitzeko!

No hay comentarios:

Publicar un comentario