2012/03/21

Master eguna EHUn

EHUk antolatzen dituen masterrei buruzko jardunaldia dago iragarrita ostiral honetarako (martxoak 23). Bilboko UPV/EHUren Bizkaia Areto berri-berrian egingo da, Abandoibarran. Helburua, lizentziako edo graduko azken urteetan dauden ikasleei (edo ikasketak bukatu dituztenei) euskal unibertsitateak zer aukera eskaintzen dituen jakitera ematea da, ostiralean bertan irekiko baita masterretan izena emateko epea.


Egunean zehar, masterretako ikasle eta irakasleek haien bizipenak kontatuko dituzte, eta 2010-2011 ikasturteko ikasle onenei saria banatuko zaie. Horrez gain, arratsalde osoan zehar aukeran dauden masterrei buruzko informazioa eskuragarri egongo da hainbat standetan. 

Joateko gogorik izatekotan, izena eman beharra dago. Horretarako, helbide honetan bete eta bidal dezakezue inprimakia. Eta joaterik ez baduzue, baina zer esaten duten jakin nahi baduzue, zuzeneko emanaldia eskainiko du EHU telebistak

Ekitaldia 15:30etan hasiko da, eta 15:45etan “La formación de postgrado: una respuesta concreta ante la crisis” izeneko hitzaldia emango du Jon Landeta irakasleak. Lauretatik aurrera, eta zazpi eta erdiak arte, zabalik egongo dira stand guztiak. Egitarauari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, EHUren webgunean aurki dezakezue informazioa.

Niri ezinezko zait bertaratzea; hori dela eta, itzulingurugileok ezin izango dizuegu jardunaldiari buruzko kronikarik eskaini; beraz, zuok zeuok hurbiltzea beste aukerarik ez duzue!

No hay comentarios:

Publicar un comentario