2012/03/20

Interpretazioa ere bai

Blog honek interpretazio kontuei eskainiko dien tartetxoari hasiera emateko, pentsatu dut ondo etorriko zaigula dagoeneko sarean dagoenari erreparatzea. Sekulako ilusioa egingo lidake ezagutzen ez duzuen bideo edo blog super-interesgarriren bat aurkituko bazenute sarreratxo honetan, baina nago gehienok entzutez behintzat ezagutzen dituzuela segidan datozenak.



Euskal interpretazioari buruz edo interpretazioari buruz euskaraz hitz egiten duten testuak EIZIEren webgunean aurkitu ditzakezue gehienbat (jatorriz euskaraz idatziak edo itzulpenak). Bilaketa azkar bat egin dut “interpretazioa” hitza webgunean bilatuta, eta hiru aukeratu ditut, niri interesgarrien iruditu zaizkidanak. Noski, interesa edukiz gero, beste hainbat artikulu zain dituzue www.eizie.org webgunean, ez duzue nik hemen jarri ez izanaren aitzakia erabiltzerik.


Eusko Legebiltzarrean interprete gisa lan egitera nola heldu zen azaltzen digu Mikelek, interpretazioaren esparruan inongo trebakuntzarik gabe. Praktikarekin (ere) ikasten dela diosku artikulu honetan; esperantza apur bat emateko moduko mezua, inondik ere, interprete lanbidea hain urruti eta lortezin ikusten dugunontzat.

 
Halako gehiago nahi? http://mox.ingenierotraductor.com/


Aurreko artikuluak konferentzia interpretazioaz  dihardu; artikulu honek, berriz, interpretazio sozialaz. Honela definitzen du Erikak interpretazio soziala testuan: interpretazio soziala gizakiak bere buruarentzako soilik diharduenean ematen da eta ez bere lurralde, gobernu, enpresa edo taldearen alde ari denean.


Azken artikulu hau berezi samarra da. Gai nagusia ez da interpretazioa bera, bertsoen itzulpen/interpretazioa baizik. Hala ere, bada pasarte bat bukaera aldera 2005eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren gaia jorratzen duena. Bazenekiten aldibereko interpretazioa egin zutela bertsoak gazteleraz eta ingelesez emateko? Nik onartu dut dagoeneko nire ezjakintasuna, eta zuek ere lotsarazi bazaituztet, emaiozue irakurri bat!

Eta jakin badakidanez bideoak ere asko eskertzen ditugula, nik ezagutzen ditudanak partekatu nahiko nituzke hemen, eta guztiak San Youtube-ri esker, noski. Gomendatzen dizuedan lehena, A word in your ear kanala. Bartzelonako Interpreteen Elkarteko (AIB) kide batek bideo bilduma polit eta zabala eskaintzen digu bertan; formazioaren inguruko aholkuak entzun eta benetako interpreteek nola lan egiten duten ikus daiteke, besteak beste. Aipatu beharra dago, gainera, euskarari bereziki erreparatzen dioten bideoak ere badirela: Jaione Arregi interpreteari egindako elkarrizketa, eta Izaskun Bilbao Europako legebiltzarkideari egindakoa. DG Interpretation’s Channel (SCIC) da gomendatzen dizuedan bigarrena. Europako Batzordeko interpretazio zerbitzutik igotako bideoak dira, erakunde horretako lanari buruz gehienbat, eta hainbat hizkuntzatan, gainera.

Baina Youtube-tik kanpo ere bada bideo interesgarririk, adibidez, ETBko Sut&Blai saioan orain dela hiru bat urte egin zuten erreportajearena. Gasteizko Letren Fakultatean bertan egin zuten, eta Lurdes Auzmendi eta Idoia Noble adituen iritzia entzun daiteke, baita Amaia ikaslearena ere.

 

Bestalde, gauza jakina da itzulpengintza eta interpretazioari buruzko blogek nabarmen egin dutela gora azken urteotan. Interpretazioaz hitz egiten dutenak eta nik jarraitzen ditudanak, hauek: Bootheando (gaztelaniaz), denontzat ezaguna, beste hainbat blog eta baliabidetara estekak eskaintzen dizkigu, gainera; The Interpreter Diaries (ingelesez), La Lagunako Unibertsitatean Konferentzia Interpretazioko masterrean irakasle den Michelle Hof-ek idazten ditu bertako sarrerak, ikasle (izango) direnentzat zuzendua, gehienbat; Aventuras de una traductora-intérprete en Madrid (gaztelaniaz), Madrilgo merkatu pribatuan diharduen interprete baten ikuspegia ezagutu ahalko duzu blog honetan; esango nuke, gainera, azken hori dela bloga sarrien eguneratzen duena. 

Halaber, irratian ere badugu interpretazioaz zer entzun, Salamancako Unibertsitateko ikasleei esker. Don de lenguas da saioaren izena, eta betiere oso gonbidatu interesgarriak izaten dituzte. Itzulpengintzaz ere jarduten dute sarri, eta ez dago saioak zuzenean entzun beharrik, gerora ere podcast moduan gordeta gelditzen dira webgunean. Oraingoan ere nire gogokoenak ekarriko ditut hona, hiru elkarrizketa, Europako Batzordeko hiru interpreteri: Carmen von StypGuiomar Garmendia eta Manuel Valdivia .

Azkenik, duela ez asko aurkitu nuen Live ETI webgunea erakutsi nahi nizuen. Genevako Unibertsitateko webgunearen atal bat da Live ETI, baina, guztiz zer den ulertzeko, jakin beharra dago Genevako Unibertsitateak EMCI delakoa (European Masters in Conference Interpreting) eskaintzen duela. Europako Batasuneko herrialde bakoitzean unibertsitate batek eskaintzen du EMCI masterra, eta lantzean behin bideo-konferentziak egiteko bat egiten dute unibertsitateek eta Europako Batasuneko interpreteek. Eskola birtual horietan interprete profesionalek ikasleen interpretazioak ebaluatu eta hobetzeko aholkuak ematen dizkiete. Bideo horiexek dira Live ETI webgunean ikus daitezkeenak, hainbat hizkuntzatan eta gai askori buruzkoak. Webgunea bera, ordea, frantses hutsean dago.

Zer deritzozue? Atentzioa eman dizuen ezer bada? Besterik ezagutzen duzue zuek? Animatu eta eman zuen iritzia komentarioen atalean, bildurripe!

Mikel

No hay comentarios:

Publicar un comentario