2012/12/08

Literatura nobel sariak euskaraz



Zabalik dago aurtengo Jokin Zaitegi bekara aurkezteko epea (azaroaren 16tik abenduaren 20ra). Berandu dakargu gaia blogera, beraz espero dut parte hartzeko gogoz zebilen jendeak informazioa zuzen eta garaiz ibili den iturriren batetik (EIZIE edo Elkar web-orrietan ikus ditzakezue deialdiaren nondik norakoak) jasoko zuela. Ondorioz, gaurkoan lehiaketaren oinarrietan zentratu beharrean, egitasmoaren helburu eta lorpenei begiratzen saiatuko naiz, betiere nire susmo eta ideietan oinarrituz, galderak eginez eta erantzunak bilatuz.



Hamaseigarren edizioa da aurtengoa, hamaseigarren saiakera literatura nobel saridunak euskaraz ere irakurtzeko aukera bermatzeko, merkatuaren eta moden presioaren gainetik. Hori da, hain zuzen ere, Arrasateko AED elkartearen, Elkar argitaletxearen eta Kutxa Fundazioaren elkarlanetik sorturiko ekimenaren helburua. Bekak xede anitz ditu: euskara-irakurlearen ohiturak direla medio itzuli gabe geldi litezkeen lan “potoloak” euskaraz argitaratzea, itzulpenaren kalitatea (ahal den neurrian, behintzat) bermatzea eta itzultzaileei baldintza onetan itzultzeko aukera eskaintzea (eta baldintza horiek gainerako argitaletxe eta argitalpenentzako eredu bihurraraztea). Gainera,  deialdiaren lehiaketa izaera dela eta, parte hartzaile guztiek aukera berdinak dituzte enkargua bereganatzeko, edonork aurkez baitezake lagina, eta epaimahaiak testu zati hori baino ez baitu izango epaitzeko.

Eta helburuak anbiziotsuak badira, erronkak ez dira txikiagoak. Hasteko, itzulpena esleitzeko moduak bi galdera piztu dizkit: deialdia edonori irekia dago, baina sentitzen al dute irekiera hori, aurkeztu eta itzulpena lortzeko aukera hori ibilbide laburreko literatura-itzultzaileek? Bigarren zalantza itzulpena esleitzeko sistemari buruzkoa da: nahikoa al da lagin bat itzultzaileak obraren erronkei nola erantzungo dien jakiteko? Galderak baino ez dira, nik neuk ez daukat erantzunik, baina niri, behintzat, gogoeta eragiten didate.

Beste erronka bat irakurleen jarrera da, nire ustez; ez nobel saria irabazi duten liburuak irakurtzen dituztenen jarrera bakarrik(nor diren, euskaraz irakurtzea zergatik erabaki duten eta itzulpenaren kalitateaz nahiz zilegitasunaz duten iritziak beste blog-sarrera bat idazteko beste mami baduela susmatzen dudan arren), baizik eta, era orokorrago batean, euskaraz irakurtzen dutenena. Haiei zuzentzen zaie bilduma hau, baina heltzen al da haiengana? Ez zait iruditzen arazoa irakurleen euskara maila denik literatura unibertsaleko liburuak euskaraz ez beste hizkuntza batean irakurtzera eramaten dituena, baina badaukat susmoa (nire inguruan eta itzultzaile-girotik kanpo, behinik behin) jendea alfertu egiten dela euskaraz irakurtzean, batez ere itzulpenak direnean: hiztegia “arraroa” bada, esaldiak luzeak edo korapilatsuak badira, itzulpenaren arazoa da, hobe jatorrizkoa (edo gaztelaniazko bertsioa) irakurtzea, ez da burutik pasatzen zailtasun edo berezitasun horiek liburuarenak berarenak direla, itzulpenak birsortu baino ez dituela egin; beraz, askotan bazterrean gelditzen dira mota honetako lanak.

Eta, publiko zabalak onartu ezean, liburu hauek beti beharko dute diru-laguntzaren bat argitara ateratzeko, baina hori al da bidea? Irakurle talde txiki eta berezitu batengana baino ez heltzea, liburu horiek euskaraz egon behar direlako baino ez itzultzea? Kontrakoa ere ez zait konponbide egokia begitantzen, hau da, testuak irakurleen ohituretara eta euskaretara moldatzea, bilduma eskuragarriago eta salduago egiteko soilik.
Iruditzen zait Jokin Zaitegi sariketa, baita Literatura Unibertsala bilduma ere, guztiz beharrezkoak ditugula euskaraz eskuragarri dagoen literatura ugariagoa eta anitzagoa bihurtzeko, hizkuntza aberasteko, beste idazteko era eta kulturetara ohitzeko, eta barne produkzioa inspiratzeko. Hala ere, oraindik lan handia dago egiteke, euskarazko itzulpenen kontrako aurreiritziak gainditzeko eta, atzerriko hizkuntzetan idatzitako literatura-lan handietara hurbiltzerakoan, euskaldunek euskara aukera dezaten lortzeko. 

Ikastetxeek eta testuliburuek lan horretan lagun dezakete, baita itzultzaileek ere, protagonismoa hartu eta itzulitako lanari buruz hitz eginez, eta, Gabonak hurbiltzen ari direlarik, baita Olentzerok ere! Hona hemen azken urteetan itzulitakoen zerrenda:
  • 2002 Imre Kertesz: Zoririk ez Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea 
  • 2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna Itzultzailea: Oskar Arana 
  • 2004 Elfriede Jelinek Itzulpen saria hutsik utzi zen 
  • 2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk Itzultzailea: Iñigo Errasti 
  • 2006 Orhan Pamuk: Elurra Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey 
  • 2007 Doris Lessing: Belarra kantari Itzultzailea: Koro Navarro 
  • 2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua Itzultzailea: Luis Berrizbeitia 
  • 2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka Itzultzailea: Ibon Uribarri
  • 2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak Itzultzailea: Santi Leone
  • 2011 Tomas Tranströmer: Bizientzat eta hilentzat poema guztiak, 1954-2004 Itzultzailea: Juan Mari Agirreurreta
  • 2012 Mo Yan: Shifu yuelaiyue youmo Itzultzailea:

No hay comentarios:

Publicar un comentario