2012/09/10

TED: Ideas worth spreading



Gaurkoan, TED izeneko egitasmo bati buruz hitz egin nahi dizuet. Irabazi asmorik gabeko talde hau 1984an sortu zen, teknologiaren, entretenimenduaren eta diseinuaren arloko jendeari haien ideiak zabaltzen laguntzeko helburuarekin. Urtean zehar munduko hainbat txokotan biltzarrak antolatzen dituzte eta, haietan, hainbat gonbidatuk 18 minutu dituzte (gehienez ere) euren ideiak, ekimenak eta proiektuak aditzera emateko.
 

Hitzaldi horiek edozein gairi buruzkoak izan daitezke (hezkuntza, teknologia, hizkuntzak, ekologia...) eta www.ted.com webgunean ikusgai daude. Hizlariek ahalegin berezia egiten dute gauzak era ulergarri eta entretenigarrian azaltzeko eta entzuleen arreta berenganatzeko. Webgune honen berri interpretazio klaseetan izan nuen lehenengoz, bertako bideo batzuk erabili baikenituen hainbat ariketa egiteko. Baina, horrez gain, oso erabilgarria izan daiteke lanerako behar dugun edozein gairi buruzko informazioa aurkitzeko, bai eta interesatzen zaigun edozeri buruz gauza berriak ikasteko ere.

Hitzaldi guztiak ingelesez dira, eta mota guztietako azentuak eta aldaerak entzun ditzakegu; beraz, aukera bikaina da ingelesa ikasteko (eta hitzaldi guztien transkripzioa ere eskuragarri dago, erabili nahi izanez gero). Dena den, ez da beharrezkoa ingelesa jakitea webguneari probetxua ateratzeko; izan ere, bideoak azpidatziekin ikustea posible da, baita euskaraz ere.

Eta horregatik nahi izan dut gure blogean egitasmo honi buruz hitz egin, azpidatzi horiek boluntario talde batek egiten dituelako. Ez dago baldintza berezirik TED guneko bideoei azpidatziak jartzeko, baina elkarteak estilo-liburu propioa du, itzultzaileen arteko lana bultzatzen du eta, argitaratu aurretik, azpidatziak zuzentzaileren batek (hura ere boluntarioa) zuzentzen ditu.
 
Itzultzaile boluntario izateko, izena eman beharra dago, eta gero Amara  plataforma erabiliko da azpidatziak idazteko. Guk bideoa ikusiko dugu, ingelesezko azpidatziekin, eta haien gainean idatziko dugu itzulpena. Oso sistema sinplea da, programak berak zatikatzen dituelako segmentuak; beraz, ez da azpidazketari buruzko ezagutza handirik behar lanari ekiteko. Horrek duen alde txarra da batzuetan banaketa ez dela behar bezain naturala euskaraz, ingelesaren arabera (jatorrizkoaren arabera, hain zuzen ere) egina baita.

Nire ustez, ekimen polita da ideia eta ikuspuntu berriak ezagutzeko, bai eta sarean hizkuntzen presentzia orekatzen laguntzeko ere. Horrez gain, itzulpenetan parte hartzeko aukera ematen duen aldetik, bide ona da beste pertsona batzuen lana ikusteko eta azpidazketetan trebatzeko, zer iruditzen zaizue?

No hay comentarios:

Publicar un comentario