2012/07/07

ORCIT eta Linkterpreting

Interpretazioan trebatzeko esku-eskura ditugun bi baliabide aurkeztu nahi dizkizuegu oraingoan. Bata nahiko berria da, duela aste batzuk ireki baitzen, baina besteak badaramatza dagoeneko hainbat hilabete sarean. ORCIT eta Linkterpreting webguneez dihardut. Ikus dezagun zer duen bakoitzak eskaintzeko

http://translation-blog.trustedtranslations.com/consecutive-interpretation-2010-05-07.html



Europako sei unibertsitateren artean sortutako ekimena da: Leedseko Unibertsitatea, Vilniuseko Unibertsitatea, Thessalonikiko Unibertsitatea, Pragako Karlova Unibertsitatea, Madrilgo Pontificia Comillas Unibertsitatea eta Londreseko Westminster Unibertsitatea.

Bertan interpretazioari buruzko (konferentzia interpretazioari buruzkoa, gehienbat; aldi berekoa zein esan ostekoa) oinarrizko informazioa eta trebatzeko mila baliabide topa daitezke. Gainera, webgunearen itxura oso erakargarria da, erabat interaktiboa delako.

Baliabideak bost ataletan banatuta daude: entzumena, jendaurrean hitz egitea, esan ostekoa, aldi berekoa eta ikerketa lana. Denetan ere informazio teorikoa da oro har eskaintzen zaiguna, baina geure kontura trebatzeko materiala ere aurki daiteke. Baina ez pentsa teorikoa izateagatik astuna denik; azalpen gehienak bideo edota eskema bitartez ematen dira. Oker ez banago, Leedseko Unibertsitateko irakasleak dira azalpenak ematen dituztenak, eta horietako bat Matthew Perret interpretea da; A word in your ear blogeko bideo honetan ikus dezakegu, hain zuen ere, ORCITi buruz hizketan.

Webgunea ingelesez eta lituanieraz (zati bat) bakarrik ikus daiteke, baina laster gaztelaniaz, txekieraz eta grekoz ere eskura egongo omen da.


Vigoko Unibertsitatearen ekimena da hau, eta, izenak berak dioen moduan, loturazko interpretazioa da webgunearen aztergai nagusia. Izan ere, zerbitzu publikoetako interpretazioaren esparruei erreparatzen die batik bat: interpretazio sozialari, osasun zerbitzuetakoari, epaitegietakoari eta polizialari, hain zuzen ere.

Informazio erabilgarriz jositako webgunea da hau ere, orokorrean interpretazioaren inguruko kontzeptuak azaltzen ditu, eta interpreteek menperatu behar dituzten gaitasunak praktikan jartzeko ariketak deskargatu daitezke: parafrasiak, arretaren banaketa, birformulazioak, memoria eta notak hartzea, besteak beste (azken horrek eman dit atentzioa, esan ostekoan erabiltzeko hainbat sinbolo proposatzen baititu).

Oraingoz, gaztelaniaz bakarrik dago webgunea, baina, dirudienez, galegoz ere kaleratuko dute laster.

No hay comentarios:

Publicar un comentario