2012/05/21

EIZIEren aurkezpen-hitzaldiaren kronika

Joan den asteazkenean, EIZIEk hitzaldi bat eman zuen Gasteizko Letren Fakultatean. Iñigo Errasti, Itziar Otegi eta gure blog-kide Teresa Pradera izan ziren hizlariak, eta, itzulpengintzan eta interpretazioan izan dituzten esperientziak kontatzeaz gain, elkartearen nondik norakoez eta ikasketak amaitutakoan jarrai ditzakegun bideez ere hitz egin ziguten. Hirurek argi utzi zuten EIZIEko kide izatea zein onuragarria den itzultzaile- eta interprete-lanetan aritzeko, eta bazkide egitera animatu nahi izan gintuzten entzuleok. Halaxe bukatu zuen Iñigo Errastik hitzaldia: “animatu eta egin kide!”


Hitzaldiari hasiera emateko, Iñigo Errastik EIZIE zer den eta elkarteak zertarako balio duen azaldu zuen. EIZIEko zuzendaritza-batzordeko kidea da bera eta, Bizkaiako Foru aldundian lan egiteaz gain, literatura ere itzultzen du tarteka. Bere azalpenen lagungarri, EIZIEren webguneko dokumentu bat erabili zuen. Jakina, ez da gauza bera informazioa norbaiten ahotik entzutea eta Power Point batetik irakurtzea, baina ideiak oso garbi azalduta daude han, eta gerturatzerik izan ez zenutenok lotura honetan aurkituko duzue dokumentua.

Jarraian, Itziar Otegik hartu zuen txanda eta itzulpengintzaren eta interpretazioaren munduan egin duen ibilbidea kontatu zigun. Itzulpengintzan hasi aurretik zientzia-ikasketak egin zituen eta, dagoeneko lanean ari zela, literatura itzuli nahi zuela erabaki zuen. Beraz, Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasten hasi zen EHUn, eta lehen bi ikasturteetan lanean eta ikasten aritu zen aldi berean. Hirugarren ikasturterako, ordea, lana alde batera utzi eta Quebec-era joatea erabaki zuen, eta laugarren mailatik gaur arte itzultzen aritu da.

Eleberriekin lanean hasi ahal izateko, Literatura Unibertsala bildumarako proba bat egitea erabaki zuen. Lehiaketa irabazi eta Axenario liburua euskaratu zuen. Ordutik aurrera, testu zientifikoak eta literatura itzultzen jardun du, gehien bat. Genevan urtebete igaro zuen zientzia-itzultzaile gisa, eta gaur egun ere egiten ditu hara bidaltzeko lan batzuk, tarteka.

Baina zientzia eta literatura ez dira Itziarren lanaren ardatz bakarrak; izan ere, ikasketetan ari zela, interpretazioa deskubritu zuen, eta gaur alor horretan ere aritzen da. Are gehiago, noizean behin Bruselara joaten da interprete-lanak egitera. Dirudienez, han lan egiten duten interpreteek 7-8 hizkuntza hitz egiten dituzte normalean, baina Itziarrek 4 “bakarrik” dakizki. Zer dela eta lortu zuen, orduan, lan hori? Bada, horixe da harrigarriena: euskara jakiteari esker! Tarteka, euskara-interprete aritzea tokatzen omen zaio.

Bere esperientziez hitz egin ostean, Itziar entzuleoi zuzendu zitzaigun: “pentsatu behar duzuena zera da: zer berezitasun duzue merkatuari eskaintzeko? Bada, hori eskaini”. Bera, lehenago aipatutakoez gain,  A hizkuntza bikoitza eskaintzen ere saiatzen da.

Ez du EIZIE gabe imajinatzen egin duen bidea. Besteak beste, jendea ezagutzeko eta autonomo-lana arintzeko lagundu dio elkarteak, autonomo izatea gogor samarra izan baitaiteke batzuetan. Orain, elkarteko kanpo-harremanetan ere egiten du lan, eta EIZIEren ordezkaria da CEATLen (Europako literatur itzultzaileen kontseiluan).

Itziarren ostean, Teresa Praderak hartu zuen hitza. Lehengo urtean amaitu zituen ikasketak, eta karreratik irtetean zein aukera ditugun azaldu zigun. Zerrenda bete-betea aurkeztu zuen eta, ziur asko, ate berriak irekiko zizkion bati baino gehiagori. Teresak hainbat itzulpen egin ditu Giltza argitaletxearentzat, eta aurten editore-lanetan aritu da argitaletxean bertan. Duela gutxi, ordea, benetan nahi zuena itzultzen jarraitzea zela pentsatu zuen, eta horri ekin dio berriro ere.

Ordaindutako lanez gain, praktika hartzeko beste modu asko daudela esan zuen, eta oso esperientzia aberasgarria izan daitekeela, esaterako, Gobernuz Kanpoko Erakundeentzat lan egitea. Bera Munduko Medikuak erakunderako lanean aritua da, eta orain ere borondatezko itzultzaile gisa dihardu 452º Farenheit literatur aldizkarian. Entzuleek interesa agertu zutenez, erabilitako Power Pointa internetera igo dugu, nahi duenak eskura izan dezan. Lotura honetan aurkituko duzue.

Iñigo Errastik ez zuen bere esperientziez hitz egiteko astirik izan, baina hainbat aholku erabilgarri eman zizkigun entzuleoi, eta azpimarratu nahi izan zuen jakin-min aseezina behar-beharrezkoa dela itzultzaile ona izateko. Beti ikasten jarraitu behar dela esan zuen, eta A hizkuntza benetan landu behar dela ikasketak amaitu eta gero ere; itzulpengintzan hobetzeko, beharrezkoa dela espiritu kritikoa, eta, zalantzak etengabe kontsultatzeaz gain, ereduzko itzultzaileak hartu eta haiengandik ikastera bultzatu gintuen. Eta, jakina, baita EIZIEko bazkide egitera ere: “animatu eta egin kide!”

Uste dut hitzaldia oso interesgarria eta adore-emailea izan zela entzuten egon ginen guztiontzat, eta blogetik eskerrak eman nahi dizkizuegu Iñigori, Itziarri, Teresari, eta hitzaldia antolatzen ibili zinetenoi: mila esker!

2 comentarios:

  1. Aurkezpenaren bideoa sarean dago!

    http://ehutb.ehu.es/es/serial/906.html#2187

    http://www.youtube.com/watch?v=H7F6Wvzizek&feature=youtube_gdata_player

    ResponderEliminar
  2. Ederra kronika!

    Zorionak blogarengatik, eta suerte on denoi!

    ResponderEliminar